Gai honetan Moodle-tik kanpoko aplikazioen bidez sortutako jarduerak Moodle-ren barruan erabiliko ditugu.

Konkretuki, eredu gisa, Hot Potatoes eta SCORM paketeak sortzeko tresna xume pare bat aztertuko dugu:

-Hot Potatoes hezkuntzarako aplikazio klasikoa. 1998. urtean sortu zen (eta informatika-munduan 20 urte asko da!). 2009. urteaz geroztik freeware da, doako softwarea alegia. Hot Potatoes-ek ez dio Moodle-ri ekarpen handirik egiten. Aitzitik, badaude hiru arrazoi nagusi tartetxo bat dedikatzeko: a/ Itxura grafikoa ezberdina da (eta horrek une batzuetan monotonia hauts dezake), b/ 20 urtetan irakasle askok erabili dute (zeuk ere agian) eta, hortaz, Interneten berrerabiltzeko moduko ariketa pilo bat dago, eta c/ modulua Moodle-n aspaldidanik guztiz integratuta dago.

-SCORM (ingelesez, Sharable Content Object Reference Model) objektu pedagogiko egituratuak sortzeko estandar- eta zehaztapen-multzoa da. SCORMen bidez sortutako edukien ezaugarriak, besteak beste, irisgarritasuna, egokitzapena, iraupena, elkarreraginkortasuna eta berrerabilgarritasuna. Horrela, sortutako paketeak eLearning plataforma gehienetan erabil daitezke, Moodle barne delarik, jakina. SCORM paketeak sortzeko badaude eXeLearning bezalako hainbat tresna generiko. Euskal Herrian, besteak beste, Tknikak egin du horren aldeko apustua. Bere posibilitate anitzak eta malgutasuna kontuan hartuz, holako tresna batek berariazko ikastaroa beharko luke. Hala ere, badaude aplikazio xume batzuk oso jarduera konkretuak sortzeko erabil daitezkeenak. Contentgenerator.net webgunean holako tresna dezente daude. Gehienak ordaindu behar diren arren, pare bat doakoak dira. Ikasleentzat oso erakargarriak dira. Laster jakingo duzu zergatik.

Has gaitezen lanean!

    

Azken aldaketa: asteartea, 2018(e)ko otsailaren 13(e)an, 20:02(e)tan